parallax background

Informazioa


FORMAKUNTZAREN AURKEZPENA

Ikastaro honek sistema judizialaren benetako premia larri bati erantzuten dio: profesionalak gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko tresna eraginkorretan trebatzea.

Urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak, Justiziaren Zerbitzu Publikoaren Efizientzia Neurriei buruzkoak, funtsezko erreforma batzuk sartu ditu Espainiako sistema judiziala modernizatzearren. Berrikuntza esanguratsuenen artean, nabarmentzekoa da bide ez-jurisdikzionaleko Gatazkak Ebazteko Baliabide Egokiak (GEBE) sartu direla jurisdikzio ordena jakin batzuetan prozedurazko baldintza gisa. Neurri horrek paradigma aldaketa dakar, autokonposizio mekanismoak —bitartekaritza, adiskidetzea edo lankidetza zuzenbidea— agortzea eskatzen baitu bide judizialera jo aurretik.

Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da gatazkaren kudeaketan profesional kualifikatuak izatea, ezagutza sendoak dituztenak komunikazioan, negoziazioan eta gatazken analisian.

Formakuntza hori eskaintzeak, lege eskakizun berriak betetzen laguntzeaz gain, pertsonengan oinarritutako justizia gizatiarragoa eta eraginkorragoa sustatzen ere lagunduko du. Elkarrizketaren eta bakearen kulturarekin konprometitua den ikuspegi praktiko eta berritzaile baten alde egiten dugu. Lankidetza Zuzenbideko Elkartearen (IACP) estandarrei jarraitzea erabaki dugu. Elkarte horrek ibilbide eta esperientzia handiena du mundu mailan, eta Lankidetza Zuzenbideko profesional gisa akreditatzeko, jarduneko abokatua izateaz gain, 57 formakuntza ordu eskatzen ditu, hau da, Harvard Negoziazioari buruzko 20 ordu, Lankidetza Zuzenbideko 16 formakuntza ordu eta formakuntza osagarriko 21 ordu. Hori dela eta, ikastaro honek 60 formakuntza ordu eskaintzen ditu.

Horrekin batera, indarrean dagoen legerian aurreikusitako beste figura batzuk ere aztertuko dira, hala nola kontziliazio pribatua, eskaintza lotesle konfidentziala edo aditu independente baten iritzia, 1/2025 Lege Organikoak arautzen duen bezala. Era berean, bitartekaritzaren egungo lege esparrua berrikusiko da, bereziki uztailaren 6ko 5/2012 Legea eta haren erregelamendu garapena, bai eta autonomia erkidegoek azken hamarkadetan bultzatutako aurrerapenak eta esperientzia konparatua ere.

Ezinbestekoa da zuzenbideko eta horrekin loturiko beste diziplina batzuetako profesionalek mekanismo horiek sakon ezagutzea, haien aplikazioak ulertzea eta prozesuetan aholku emateko, bideratzeko edo esku hartzeko moduan egotea, kasu zehatzaren eta inguruabarren arabera metodorik egokiena hautatuz. Formakuntza eskaintza honek premia horiei guztiei erantzuten die.

HELBURUAK

Helburu orokorra

Parte hartzaileengan behar diren gaitasunak garatzea, hala gatazka sakon aztertzeko nola hura eraginkortasunez kudeatu eta konpontzeko metodorik egokiena preskribatzeko. Abokatuek lankidetza zuzenbidean jarduteko eskumena eskuratuko dute.

Helburu zehatzak

  • Gatazkak Ebazteko Baliabide Egokiei (GEBE)  buruz indarrean dagoen arau esparrua ezagutzea eta prozedurarako oinarri gisa aplikatzea.
  • Gatazkaren fenomenoa, elementuak, faseak eta tipologiak ulertzea.
  • Komunikazio teknika eraginkorrak aplikatzea, gatazkaren kudeaketa erraztearren.
  • Eztabaidak ebazteko metodo egokiak identifikatzea eta bereiztea.
  • Bitartekaritzari, adiskidetzeari edo lankidetza zuzenbideari dagozkien deribazio eta jarduera profesionalerako protokoloak diseinatzea.
  • Auzibidetik kanpoko ebazpen prozesuetan alderdiei laguntzea, akordio jasangarri eta iraunkorrak bultzatuz.

HARTZAILEAK

  • Abokatuak, epaileak, JALak, justizia administrazioko profesionalak, notarioak, kriminologoak, zuzenbidean graduatuak.
  • Psikologoak, gizarte langileak, gizarte hezitzaileak.
  • Beste gradu akademiko batzuetako profesionalak edo beren formakuntza osatu nahi duten eta ga honetan interesaturik dauden pertsonak, bai eta aipatutako graduetako ikasleak ere.

METODOLOGIA

  • Formakuntza hau online metodologian oinarritzen da.
  • Azalpenezko ikasgai magistralak eta analisiak online azalduz garatuko  da ikastaroaren plan metodologikoa, hartarako bideokonferentziaren mekanismoa erabiliz. Metodologia horrek ikasleen eta irakasleen arteko interakzio zuzena ahalbidetzen du. Klaseak bideokonferentzia bidez jarraitzeaz gain, ikasleek irakasgaia ulertzeko irakasleek adierazitako materialak irakurri eta aztertu beharko dituzte.
  • Bestalde, irakasleek emandako lanak edo ariketa praktikoak idatziz egin beharko dira. Metodo horri esker, ikasleak ohitu egiten dira  emandako iturrien barruan informazioa bilatzen eta prozesatzen, eta kasu praktikoak fidagarritasunez ebatziko dituzte jasotako informazioan oinarriturik.
  • Eduki teorikoak eta ariketa praktikoak uztartuko dira. Ikuspegia parte-hartzailea izango da, tutorearen laguntzarekin eta kasu praktikoekin. 
  • Ikastaroaren izaera dela eta, nahitaezkoa da online saioetan zuzenean aritzea. Nolanahi ere, kasuren batean hori ezinezkoa dela frogatzen bada, ikastaroaren martxa grabazioaren bidez jarraitu ahal izango da.

GARATZEKO GAITASUNAK

  • Gatazkak aztertzea eta diagnostikatzea, interesak, beharrak eta portaera ereduak identifikatuz.
  • Eztabaidak konpontzera bideraturiko komunikazio eta negoziazio teknika praktikoak aplikatzea.
  • Egoera bakoitzerako metodorik egokienaz aholkatzea, kasuaren, pertsonen eta inguruabarren arabera.
  • Bitartekaritza, adiskidetze edo lankidetza zuzenbideko prozesuetan profesional gisa egiten den esku hartzea hobetzea, gatazkaren beharren arabera.
  • Gatazkak modu baketsuan konpontzeko kultura sustatzea, errespetua, legezkotasuna eta lankidetza oinarri harturik.

EBALUAZIOA

Ebaluazioa etengabea izango da, azken lan edo ebaluazioarekin. 

IRAUPENA ETA ORDUTEGIA

60 orduko ikastaroa, 56 online bidezko aurrez aurrekoak eta 4 autoformakuntzakoak. 

Formakuntza 2025eko azaroaren 27an hasi eta 2026ko martxoaren 18an amaitzen da.

Saio egunak: ostegunak. 

2025eko azaroa: 27.

2025eko abendua: 4, 11, 18.

2026ko urtarrila: 8, 15, 22, 29.

2026ko otsaila: 5, 12, 19, 26.

2026ko martxoa: 5, 12.

Ordutegia: 16:00etatik 20:00etara.

DATAK

Hasiera data:

2025/11/27

Bukaera data:

2026/03/18

Orduak: 60.

TITULUA

Trebakuntza amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.

HIZKUNTZA

Gazteleraz.

PREZIOA

540 €.